AZTERKETA: Altxaeren jokoak
Gure proiekturko abiapuntu izango den lan honetan Urdaibaiko altxaerak aztertzen aritu gara.
Izan ere, erliebe honetako berezitasunetako bat sortzen diren altxaera anitzak dira, uraruntz begira agertzen diren aurpegi anitzak. Altxaera hauen artean, berriz, lotura ezberdinak sortzen dira. Guk lotura bisualak landu ditugu, alde batetik besterako ikuspegiak.
HELBURUAK
Azterketa honekin lortu nahi duguna, alde batetik, ikuspegi hauek nola aldatzen diren ikustea da; eta bestetik, paisaian zer nabarmentzen den ikustea, zein den naturaren presentzia eta zein gizakiarena. Honek ondoren, gure proiektuekin lanean hastean, gure interbentzioak paisaian nola eragingo duen aurreikusteko balioko digu.
SINTETIZAZIOA
Argazki panoramikoetan oinarritu gara, eta altxaera ezberdinek aurkezten dituzten faktore amankomun eta esanguratsuenak hartu eta geruza bilakatu ditugu (ura, hondarra…). Hau da, paisaiaren eskematizazio bat egin dugu paisaia ulertzeko, interpretatzeko eta altxaera ezberdinen arteko konparaketa bat egiteko. Sintetizazio honen bidez ikusi daiteke nola geruza gehienak maila batean kontzentratzen diren eta zentzu horizontala errespetatzen duten, askotan mendiaren eta itsasoaren arteko lotura bat eginez.
FAKTORE ALDAKORRAK
Paisaiak beraien artean parekagarriak izan daitezen, karakteristika berekoak hartu ditugu, elementu beraren pertzepzioa arras ezberdina izan baitaiteke faktore jakin batzuen arabera; unea, (aroa, eguraldia, argitasuna...) ikuslearen kokapena...
Faktore horiek kontutan hartzekoak iduritzen zaizkigu paisaiak hain garrantzia haundia duen inguru honetan, marearen gorabeherek edo aurretik aurkeztutako edozein faktorek eragin haundia ukan baitezakete ikusten dugun horretan. Faktore guzi horietan bi sakondu nahi izan ditugu, kokapena, eta urak sortzen dituen jokoak.
Kokapena
Ikuspegi bat ez da irudi iraunkor edo mugiezin bat. SAKONTASUNA eta BIZIA du. Puntu zehatz batean inguruko elementuen proiektzio bat denez, ikuspuntua aldatzea nahikoa da altxaera aldatzeko: goiko pdf-ean ikusgai dituzue hurbiltasun edo altuera ttiki batzuek ukan dezaketen eragina ikuspegian: lehen planoak hartzen duen garrantzia, proportzioen aldaketak edo aurreko eta atzeko planoen arteko artikulazio ezberdinak.
Ikuspuntuaren altuera
Laidara egin genuen bisitan ikusi genuenez altuera aldaketa txiki bat nahikoa zen gure ikuspegia erabat aldatzeko.
Adibidez, Laidan hondarretan kokatzen ginenean Mundakarantz begira, duna bakarrik ikusten genuen eta honek Mundaka erabat desagertarazten zigun. Paseoaren mailara igotzen ginenean, berriz, Mundaka dunaren gainean agertzen zitzaigun eta benetan zirudien dunaren gaienan kokatuta zegoela. Azkenik, txiringitoaren gaineko terrazatik Mundaka bere osotasunean ikusi ahal genuen, eta Laida hondartza agertzen zitzaigun dunaren eta herriaren artean.
Honekin ikusten dugu metro gutxi batzuren mugimenduarekin gure ikuspegia zenbat aldatzen den, eta aurreko planoaren eta atzeko planoaren artean zein joko sortzen den.
ura: islada
Egindako sintetizazioan ura faktore aldakor bat bezala aurkezten zaigu, argiztapenaren arabera aldatu egiten dena. Isladak ez du mugarik eskalari dagokionez, gizon bat, zerua edota herri bat ikusi dezakegu uretan, baina aipatu bezala, islada argiztapenaren menpe dago, horregatik, ez da berdina egunez edo gauez. Gauetan geruza batzuk beste batzuk baino nabariagoak dira, gizakiaren interbentzioa adibidez (uretan azaltzen diren argi artifizialak).
HAUSNARKETA
Egin dugun azterketaren ondotik proiektuari begira, bi gauzetaz ohartzen gara:
Gure proiektutik kanpora begiratzerakoan, paisaiaren aldakortasuna, sakontasuna eta bizia kontutan hartu, eta beraiekin josta daiteke.
Altxaerak aztertzeko erabili dugun metodoa gure eskuhartzeak paisaietan ukanen duen eragina aztertzeko erabilgarria izango zaigu, paisaietako proportzio eta geruzen harteko erritmoak aldatzea edo errespetatzea hautu justifikatu eta kontziente bat izan dadin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario